Amalurra zain dezagun !

 

Ipar Euskal Herriko laborantxako elkarte gehienak hemen gira egun laborantxako lurraren egoera larria aipatzeko eta alerta emaiteko. Artifizializazioa eta espekulazioa azkartzen ari dira beti ; urgentzia bada gauza huntaz zabalki ohartzeko : euskal kostaldean laborantxa desagertzeko irriskuan da, arteko eremuetan (Lapurdin) fenomeno hori pairatzen du ere laborantxak eta barnekalderaino sendi dira ondorioak.

Problema huni zinez lotzeko garaia da, gogoeta orokorra eramanez lurralde huntako nahi dugun laborantxa eta elikatze ereduaz eta hortarako hartu behar diren erabakietaz eremuaren antolaketan.

 LUR1

 

Egoeraren urgentzia

Laborantxako lurren zaintzeko borroka eramaiten dugu aspalditik. Bainan ohartzen gira lur haueri lotu afera salagarriak biderkatzen ari direla, izan arlo pribatuen ala publikoan.

Azken kasuetarik bat da, lur peza hunen erostea Urruñan, hego Lapurdiko hiri elgarkoaren ganik (joanden abendo undarrean), 3,24 hektara milio bat eurotan. Lur hunekin Berruetako aktibitate eremua haunditu nahi dute.

Berriz ere errextasunez jokatzen dira gogoeta orokorra eramaiteko partez :

  • laborantxarako lurrak errextasunez hartuz, eta sailkapenez aldatuz, lur libroak bezala kontsideratuz edozoin eraikuntza proieturendako.
  • milioi bat euro diru publiko errextasunez erabiliz ; Hego Lapurdiko hiri elkargoak egin zuen azken lur erostea, Senperen 2013an, aktibitate gune batendako ere, 10€/m2 prezioan egin zen, hemen 30€/m2 girelarik !!
  • gogoeta orokor eskasa : inkesta ttipi bat eginez, jakin dugu Berruetako gune hau ez dela betea, Hendaiako Joncaux gunean ere tokiak badirela, aipatu gabe aktibitate gunetarik kanpo izaiten ahal diren lekuak (hiri barnean adibidez) edo utziak diren lur industrialak. Bilaketa lan sinple hori ez da eramana izan hiri elkargoarenganik, lur hauen erosteko ez da ere deus justifikaziorik aintzinatzen (adib galde edo proietu ekonomiko jakinak).

Egunero, laborarien lan tresna iresten du beti ta gehiago hiriak. Lurrak ez direlarik aktibitate ekonomikoendako hartuak, elikatzeko gaitasuna dute galtzen, jabe dirudun batzurendako aisaldi guneak bilakatuz.

Bide hortarik, ohartzen gira agentzia imobiliarioen aktibitatea azkarki garatzen ari dela laborantxako lurretan, laborariak ez diren erosle batzurendako ari dira, etxe eta lur peza bat eskuratu nahian. Fenomeno horrek gure lan tresna merkantzia bat bilakatzen ari du oraindik gehiago, hemen kostaldean, ipar Euskal Herri osoan bezala.

Gero eta salerospen gehiago bada ere burrasoak laborariak zituzten jendeenganik : ondokoek ez dute gehiago deus loturarik lurrari eta laborantxako funkzioari, kapital bat bezala kontsideratzen dute ontasun hori, prezio gorenean saltzen ahal dutena.

Hemen bezalako eremuetan laborantxaren geroa zalantzan da. Mendiari eta erlaitzari buruz pusatua da beti ta gehiago laborantxako aktibitatea. Bainan eremu hauek ez dute lur ordoki eta aberatsen balio agronomiko berdina.

Lurralde huntan, agentzia eta promotore imobiliarioek laborariengan ari dira gelditu gabe, lurra prezio ikaragarrietan erosi nahiz, betoinatzeko asmoz. Hainbeste presionerekin, desagertzekotan da hiri bazterreko laborantxa.

 

Zer egin ?

Ez dugu oposizioan jarri nahi lurraldeko beste eragile ekonomikoekin. Ez dira kontra jarri behar enplegua eta lurra Laborantxa aktibitate ekonomikoa da osoki. Lan postu iraunkorrak eta mugi ezinak zaintzen eta sortzen ditu. Oroitarazi behar ote da laborantxak duen inportantzia lurralde hunen erakargarritasunean ? Paisaien zaintzea, kalitatezko sailak, bizirik diren herriak, premiazko abantailak dira beste aktibitate ekonomikoendako (turismoa, agro-alimentarioa, ekoizpen eta zerbitzu desberdinen eskaintza).

Gero eta hautetsi gehiagok diote hurbileko eta kalitatezko laborantxa bai eta tokiko kontsumoa defenditzen dutela. Nola elikatu herritarrak, merkatuak eta ekoizle saltegiak osatu, ez badugu gehiago lurrik ?

Galdegiten dugu :

  • hirigintzako dokumentuetan (PLU, PLUi, SCOT, etab), laborantxako lurrik ez dadin gehiago eraikigarri bezala sailkatua izan. Behin baino gehiagotan, hautetsiek edo EPFL bezalako lurraren eragileek adierazi dute gaurregun eraikigarri sailkatuak diren eremuek ondoko 30 urteetako eraikitze beharrak asetzen ahal dituztela. Deusek ez du justifikatzen beraz den mendreneko metra karratuak gal dezan laborantxako eta elikatzeko funkzioa.
  • hirigintzako gogoetetan, epe labur, ertain eta luzean laborantxarako duten ikuspegia azal dezaten kolektibitateek. Solasa tokiko eragileekin eraman beharko da.
  • Domaines izeneko zerbitzuek laborantxako aktibitateak sortzen duen heineko prezioak finka ditzazten laborantxako lurren estimazioak egitean ; horregatik baitezpadakoa da lurraren ezaugarri topografiko eta agronomikoak kondutan hartzea, eta ez, gaurregun bezala, salerospenen bataz besteko prezioan oinarritzea.
  • laborantxa herrikoi eta iraunkorra sektore ekonomoki estrategikoa bezala kontsideratua izan dadin, hiri bazterretan atsulutoki atxikiz, hurbileko kontsumoarendako elikatzeko gaitasuna galtzera ez utziz, beste sektoreendako dituen ondorio onak ezagutuz.

 

Elgarrekin jokatzea beharrezkoa

LUR2Gogoeten piztea eta ekintzak kolektiboki eraman behar dira laborantxako lurraren zaintzeko. Gure elkarte eta
egiturek artifizializazio eta espekulazioaren kontrako lana daramate aspalditik. Erabakitzaile politikoekin lan egiteko gogoa dugu, hitzetatik ekintzetara pasa daitezen.

Hego Lapurdi hiri elkargoak lur hau erosi ondoan, ELB eta Lurzaindiak bilkura bat ardietsi dugu Peyuco Duhart-ekin, hego Lapurdiko lehendakari ohia eta Euskal elkargoko lehendakari ordea. Peyuco Duhart engaiatu da lan baten abiatzea instituzio berriaren baitan laborantxako lurraz, adibidez lan talde iraunkor bat sortuz. Talde horren kide izaiten ahal litaizke : hautetsiak, laborantxako sindikatak, Safer, EPFL, EHLG, Chambre d'agriculture, Lurzaindia, InterAmap, lurraz arduratzen diren Estadoko zerbitzuak, bereziki Domaines delakoak, laborantxako lur estimazioak egiten dituztenak, etab.

Lan talde hori urgentziaz martxan emana izan dadin galdegiten dugu, laborantxako lurraren defenditzeko urrats konkretuetan abian gaiten laster.

 

LURZAINDIA gaur egun :

  • 374 ha laborantza lur
    20 etxalde
  • 29 laborari
  • 3175 akziodun

Gurekin elkartu !

Edozein pertsona fisiko edo morala LURZAINDIAren akziodun izan daiteke. Pertsona, herri, herri-elkargo, elkarte eta enpreseri zabaltzen dugu deia.

btn souscription eu

Azken berriak

La lettre d'info

logo newsletterPour vous abonner à la
Lettre d'information de Lurzaindia

Facebook

facebook logoRetrouvez-nous
sur Facebook