Amalurra zain dezagun !

 

photoslurzaindia2bis« Gure Lakarriko etxaldean haundituz, laborantza munduari usaiatua naiz gaztetik. IDOKI-rentzat lan egiten hasi naiz (etxe ekoizleen elkartea) eta fite GFAM Lurra*-n parte hartu dut. Alabaina Euskal Herriko laborantza lurren geroari buruz arranguratua nintzen eta laborariak, auzoan nituen zenbait ere, desagertzen ikusiz, GFAM kolektiboan inplikatzea hautatu nuen. Geroztik ez dut gehiago utzi.

1995ean dut nere amaren segida hartu, etxeko etxaldean bakarrik instalatuz. Patarrean diren 17ha pentzetan (8ha alokatuz) eta 5ha iratze lekutan ditut nere 28 behi gorriak. Udan mendira eramaiten ditut. Ohiko lan manerak atxikitzea hautatu dut, salmenta zuzena gehituz.

Ez nuen pentsatzen egun batean nik ere laguntza ukan beharko nuenik baina 2012an, alokatzen nituen 8ha-k saltzea erabaki dituzte jabeen ondokoek. Ezin nituenez erosi nere etxaldea lanjerrean ezarri gabe, GFAM-a deitu dut nere aktibitatea atxiki dezatan, nituen lur guzietan.

Gaur egun biziki lorios naiz ukan dutan laguntzagatik eta Lurzaindiaren laborari bat izaiteagatik. Nere egoera azkartzen ari naiz ; Lurzaindia laguntzen segituz, ERNE-ren kide izanez Arrapitz federazioaren izenean. Nere etxaldea lan tresna gisa atxikitzen dut, egun batez beste laborari batek laborantza aktibitate hau edo beste bat segi dezan.

 

*Lurzaindia 2013ko GFAM Lurraren eboluzioa da

 

photoslurzaindia1

photoslurzaindia3bis

 « Lurzaindia : desmartxa baitezpadakoa laborariak hemen nahi baditugu »

 

Marie-Claire-en ekoizpenak nun atxemaiten ahal dira ?

IDOKI behi eta ahatsekia

Zuzenean :

E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

05.59.28.54.45

Banatzeak Paue, Baiona eta igortzeak Bordale, Parise.

 

Ipar Euskal Herriko laborantxako elkarte gehienak hemen gira egun laborantxako lurraren egoera larria aipatzeko eta alerta emaiteko. Artifizializazioa eta espekulazioa azkartzen ari dira beti ; urgentzia bada gauza huntaz zabalki ohartzeko : euskal kostaldean laborantxa desagertzeko irriskuan da, arteko eremuetan (Lapurdin) fenomeno hori pairatzen du ere laborantxak eta barnekalderaino sendi dira ondorioak.

Problema huni zinez lotzeko garaia da, gogoeta orokorra eramanez lurralde huntako nahi dugun laborantxa eta elikatze ereduaz eta hortarako hartu behar diren erabakietaz eremuaren antolaketan.

 LUR1

 

Egoeraren urgentzia

Laborantxako lurren zaintzeko borroka eramaiten dugu aspalditik. Bainan ohartzen gira lur haueri lotu afera salagarriak biderkatzen ari direla, izan arlo pribatuen ala publikoan.

Azken kasuetarik bat da, lur peza hunen erostea Urruñan, hego Lapurdiko hiri elgarkoaren ganik (joanden abendo undarrean), 3,24 hektara milio bat eurotan. Lur hunekin Berruetako aktibitate eremua haunditu nahi dute.

Berriz ere errextasunez jokatzen dira gogoeta orokorra eramaiteko partez :

  • laborantxarako lurrak errextasunez hartuz, eta sailkapenez aldatuz, lur libroak bezala kontsideratuz edozoin eraikuntza proieturendako.
  • milioi bat euro diru publiko errextasunez erabiliz ; Hego Lapurdiko hiri elkargoak egin zuen azken lur erostea, Senperen 2013an, aktibitate gune batendako ere, 10€/m2 prezioan egin zen, hemen 30€/m2 girelarik !!
  • gogoeta orokor eskasa : inkesta ttipi bat eginez, jakin dugu Berruetako gune hau ez dela betea, Hendaiako Joncaux gunean ere tokiak badirela, aipatu gabe aktibitate gunetarik kanpo izaiten ahal diren lekuak (hiri barnean adibidez) edo utziak diren lur industrialak. Bilaketa lan sinple hori ez da eramana izan hiri elkargoarenganik, lur hauen erosteko ez da ere deus justifikaziorik aintzinatzen (adib galde edo proietu ekonomiko jakinak).

Egunero, laborarien lan tresna iresten du beti ta gehiago hiriak. Lurrak ez direlarik aktibitate ekonomikoendako hartuak, elikatzeko gaitasuna dute galtzen, jabe dirudun batzurendako aisaldi guneak bilakatuz.

Bide hortarik, ohartzen gira agentzia imobiliarioen aktibitatea azkarki garatzen ari dela laborantxako lurretan, laborariak ez diren erosle batzurendako ari dira, etxe eta lur peza bat eskuratu nahian. Fenomeno horrek gure lan tresna merkantzia bat bilakatzen ari du oraindik gehiago, hemen kostaldean, ipar Euskal Herri osoan bezala.

Gero eta salerospen gehiago bada ere burrasoak laborariak zituzten jendeenganik : ondokoek ez dute gehiago deus loturarik lurrari eta laborantxako funkzioari, kapital bat bezala kontsideratzen dute ontasun hori, prezio gorenean saltzen ahal dutena.

Hemen bezalako eremuetan laborantxaren geroa zalantzan da. Mendiari eta erlaitzari buruz pusatua da beti ta gehiago laborantxako aktibitatea. Bainan eremu hauek ez dute lur ordoki eta aberatsen balio agronomiko berdina.

Lurralde huntan, agentzia eta promotore imobiliarioek laborariengan ari dira gelditu gabe, lurra prezio ikaragarrietan erosi nahiz, betoinatzeko asmoz. Hainbeste presionerekin, desagertzekotan da hiri bazterreko laborantxa.

 

Zer egin ?

Ez dugu oposizioan jarri nahi lurraldeko beste eragile ekonomikoekin. Ez dira kontra jarri behar enplegua eta lurra Laborantxa aktibitate ekonomikoa da osoki. Lan postu iraunkorrak eta mugi ezinak zaintzen eta sortzen ditu. Oroitarazi behar ote da laborantxak duen inportantzia lurralde hunen erakargarritasunean ? Paisaien zaintzea, kalitatezko sailak, bizirik diren herriak, premiazko abantailak dira beste aktibitate ekonomikoendako (turismoa, agro-alimentarioa, ekoizpen eta zerbitzu desberdinen eskaintza).

Gero eta hautetsi gehiagok diote hurbileko eta kalitatezko laborantxa bai eta tokiko kontsumoa defenditzen dutela. Nola elikatu herritarrak, merkatuak eta ekoizle saltegiak osatu, ez badugu gehiago lurrik ?

Galdegiten dugu :

  • hirigintzako dokumentuetan (PLU, PLUi, SCOT, etab), laborantxako lurrik ez dadin gehiago eraikigarri bezala sailkatua izan. Behin baino gehiagotan, hautetsiek edo EPFL bezalako lurraren eragileek adierazi dute gaurregun eraikigarri sailkatuak diren eremuek ondoko 30 urteetako eraikitze beharrak asetzen ahal dituztela. Deusek ez du justifikatzen beraz den mendreneko metra karratuak gal dezan laborantxako eta elikatzeko funkzioa.
  • hirigintzako gogoetetan, epe labur, ertain eta luzean laborantxarako duten ikuspegia azal dezaten kolektibitateek. Solasa tokiko eragileekin eraman beharko da.
  • Domaines izeneko zerbitzuek laborantxako aktibitateak sortzen duen heineko prezioak finka ditzazten laborantxako lurren estimazioak egitean ; horregatik baitezpadakoa da lurraren ezaugarri topografiko eta agronomikoak kondutan hartzea, eta ez, gaurregun bezala, salerospenen bataz besteko prezioan oinarritzea.
  • laborantxa herrikoi eta iraunkorra sektore ekonomoki estrategikoa bezala kontsideratua izan dadin, hiri bazterretan atsulutoki atxikiz, hurbileko kontsumoarendako elikatzeko gaitasuna galtzera ez utziz, beste sektoreendako dituen ondorio onak ezagutuz.

 

Elgarrekin jokatzea beharrezkoa

LUR2Gogoeten piztea eta ekintzak kolektiboki eraman behar dira laborantxako lurraren zaintzeko. Gure elkarte eta
egiturek artifizializazio eta espekulazioaren kontrako lana daramate aspalditik. Erabakitzaile politikoekin lan egiteko gogoa dugu, hitzetatik ekintzetara pasa daitezen.

Hego Lapurdi hiri elkargoak lur hau erosi ondoan, ELB eta Lurzaindiak bilkura bat ardietsi dugu Peyuco Duhart-ekin, hego Lapurdiko lehendakari ohia eta Euskal elkargoko lehendakari ordea. Peyuco Duhart engaiatu da lan baten abiatzea instituzio berriaren baitan laborantxako lurraz, adibidez lan talde iraunkor bat sortuz. Talde horren kide izaiten ahal litaizke : hautetsiak, laborantxako sindikatak, Safer, EPFL, EHLG, Chambre d'agriculture, Lurzaindia, InterAmap, lurraz arduratzen diren Estadoko zerbitzuak, bereziki Domaines delakoak, laborantxako lur estimazioak egiten dituztenak, etab.

Lan talde hori urgentziaz martxan emana izan dadin galdegiten dugu, laborantxako lurraren defenditzeko urrats konkretuetan abian gaiten laster.

 

CP3

Ezin onartuzko prezioan egiten den laborantxako lur saltze bat salatzen dugu berriz ere ELB eta Lurzaindiak. Gure lan tresnaren zaintzeko borroka beti eta gogorragoa da eta France Domaines*-ek egiten dituen estimazioengatik bide hau oraindik zailagoa dugu. Berriz ere laborantxaren balioaz arrunt deskonektatua den prezioa dugu hemen eta espekulazioaren hazten da.

Kanboko eremu huntan, 2 hektara laborantxako lur saltzera eman dira 88 500 eurotan, hau da 43 500 €/ha !! ELB eta Lurzaindiak Saferari segidan galdegin diote preanpzioz joaitea, ontasunaren estimazioa berri bat eginez. Saferak preanpzioz joaitea onartu du eta estimazio berria 16 000 €/ha izan da : hiru aldiz seurik lur hunen balioa !

2013an ekintza bat eraman ginuen jadanik lur hauen saltzea oztopatzeko (orduan 410 000€ saltzen ziren, etxea barne). Jabeak saltzetik kendu zituen eta erosle gaiari alokatu zituen. Saltzea bururaino eramaitera entseatzen da berriz.

Preanpzioa, prezioaren berrikusteko paradarekin, tresna eraginkorra izan daiteke laborantxako lurretan egiten den espekulazioari buru egiteko. Bainan prezioaren estimazio berriak laborantxako errealitatearekin deus ikusteko ez badu, lurraren zaintzearen kontrako tresna lanjerosa bihurtzen da.

Ez da lehen aldia France Domaines hola jokatzen dela :

  • Bidarrain, 4,5 ha laborantxako lur 45 000€/ha salgai ziren, Saferak 10 000€/ha estimatu ditu eta Domainesk 13 000€/ha zuzendu ;
  • Larresoron, erreka bazterreko 2 ha lur, sasituak eta zuhaitz ttipiz betea, lur berritzekoa, 20 000€/ha estimatu ditu Domaines egiturak ;
  • Donamartirin, etxalde bat (etxea eta 14 ha lur), 198 000 eurotan salgai, 135 000 eurotan estimatu du Saferak, Domainesk berriz ere prezioa goratzen ziolarik 167 000 eurotarat.

France Domaines-ko buruzagieri bilkura bat galdegin diegu, lurren estimatzeko erabiltzen duten metodoa jakiteko eta laborantxako balioarekin den desberdintasunaz mintzatzeko. Bilkura hori errefusatu daukute. Safer-ako Komite Teknikoko kide da France Domaines bainan badu urteak ez duela bilkuretan parte hartzen.

Egiturak hunek duen usaiako argudioa da inguruan egiten diren saltzeen bana bestekoan oinarritzen dela. Jakin nahi ginuke zer saltze mota kondutan hartzen duen holako prezio goretarat heltzeko. Gainera, saltzeak beti eta karioago direnez, bana bestekoaren sistimak prezioak beti goiti tiratzen ditu eta Domaines-en estimazioak ere bide berdinetik. Hauek segitzen baititu sistematikoki Saferak, ez da gehiago prezioen gorakadaren zaintzeko tresna, gorakda legitimatzen du aldiz.

Laborariendako, lurra lan tresna da, ez da diru baztertzeko edo xahutzeko bidea : laborantxak sortzen duen balioaren heineko prezioa ukan behar du lurrak. Konparatzeko, Euskal Herrian laborantxako lurra 110€/ha alokatzen da. Prezio hau legez finkatua da (prefetak hartu neurri baten bidez) eta gehiago galdegina delarik, etxetiarrak auzitegira joan daitezke, irabazteko segurtamenarekin. Horrela, bere lan bizi guzian, (+/-35 urtez) hektara bat alokatzen duen laborariak bataz beste 3850€ pagatuko du. Oinarri horrekin, Kanboko lur haueri doakionez, lau belaunaldi behar litaizke laborantxatik ordaintzeko sal prezioa. Lehen aipatu dugun Larresoroko lur txarretan, kasik 200 urte behar litaizke !

Egoera hau ezin jasana eta ezin onartuzkoa da. Laborantxako lurraren zaintzeko borroka aski gogorra da izaite publikoko egiturek traba gehiago ezarri gabe. Aspaldiko urtez, Euskal Herriko laborantxak indar haundiak egiten ditu kalitatezko bideak jorratzeko, etxaldeak nonbrean atxikitzeko, ingurumenaren zaintzeko. Hau guzia, politika orokorrak kontra izanki gehienetan. Lurra gure laborari ofizioaren oinarria da. Lurraren zaintzeak gure herriarendako beharrezkoa den sektore ekonomiko bat baldintzatzen du, herritarren elikatzeko beharrezkoa den hurbileko eskaintza baldintatzen du ere.

Hitzaldietan bestalde, problematika huntaz jabetu behar dira hautetsiak. Administrazioari presioa egin behar diote ekintza guziek espekulazioaren kontra joan diten zinez. Mahain inguru zabala galdegiten dugu, Euskal Elkargoaren ardura pean, lurraz okupatzen diren eragile guziekin : laborantxako egiturak, Safer, Domaines, elkargo publikoak... Helburua da deneri erranaztea laborantxako lurraren zaintzea beharrezkoa dela, elheak zinez gauzatuz, besteak beste lur saltzeak laborantxako balioan egin diten segurtatuz.

 

* France Domaines, devenu Direction de l'immobilier de l'État depuis septembre dernier, communément appelé « Les Domaines », est un service de la direction générale des finances publiques, chargé d'évaluer, d'acheter, de vendre, de prendre à bail ou de concéder l'usage des biens immobiliers, appartenant au domaine public ou privé des personnes publiques. Elle réalise notamment des estimations de biens pour la Safer.

** La Safer, société d'aménagement foncier et d'établissement rural, est une société anonyme placée sous contrôle de l'État avec une mission de service public, dont la mission est d'améliorer les structures foncières agricoles, de favoriser l'installation, de lutter contre la spéculation... Elle a un pouvoir de préemption sur les transactions de biens agricoles (foncier et bâtiments).


Harremanetarako :
Joana Urbistondo, membre de la commission foncier d'ELB, 06-76-24-94-56
Maryse Cachenaut, membre de Lurzaindia, 06-77-00-16-41

Joan diren urriaren 1 eta 22an, Lurzaindiari eta bere eginkizuneri buruzko bi gogoeta egun proposatu genituen. Eskertzen ditugu etorri diren pertsona guziak heien parte hartze eta elkarlanarentzat. Loturik gogoeta horien laburpena atxemanen duzue.


Instalatzen den aitorpen bat
Multzo lotu bateri esker, Lurzaindiak 5 eskuratze egin ditu 2013-tik goiti (erran nahi baitu 440 K€ inbestituak eta 8 laborari instalatu edo mantenduak) bere laborantza lurren babespen helburua segituz.

Gero eta gehiago aurreztaile heldu zaizkigu eta gure sarea garatzen ari da partaidetza azkarrak sortuz, adibidez Herrikoa, Sokoa eta Terre de Liens bezala.

Saferraren betiko solaskidea izanez, Lurzaindia aitorpen instituzionalaruntz doa aktore printzipala izaiteagatik.

Gure abantailak erabili, gure xedeak sustengatzeko
Lurzaindiak segituko du esku hartzea laborantza lurren babesteko aldi guziz eta Euskal Herriko elikatze ahalmenak babesteko, kontsumitzaileak eta laborariak gero eta gehiago hurbilduz.

Gure kide eta aurreztaileen konpetentzieri esker, diru publikoa, lur eta diru emaitzak errezebitzeko tresna batzuen eraikitzen hasi gira (elkarte, dotazio hondoa).
Azkenik, Lurzaindiak lan egiten du sarearen ezagupen eta laguntza transformatzeko esku hartze batzueri esker.

Elgarrekin, aintzina eta gure mezua helarazi
Egunero, gure lanen segitzea baitezpadakoa da eta gehiengoari helarazi behar dugu.
Hau, laborantza herrikoian instalatu nahi duten jendeak atxemaiteko baina bereziki, behar diren finantzamenduak biltzeko.

 

Sekulan baino gehiago, zuengain kondatzen dugu!

 

Voeux 2017

LURZAINDIA gaur egun :

  • 374 ha laborantza lur
    20 etxalde
  • 29 laborari
  • 3175 akziodun

Gurekin elkartu !

Edozein pertsona fisiko edo morala LURZAINDIAren akziodun izan daiteke. Pertsona, herri, herri-elkargo, elkarte eta enpreseri zabaltzen dugu deia.

btn souscription eu

Azken berriak

La lettre d'info

logo newsletterPour vous abonner à la
Lettre d'information de Lurzaindia

Facebook

facebook logoRetrouvez-nous
sur Facebook